Irungo Udalaren jarrera negatiboaren aurrean, prentsa-ohar hau kaleratu zuten joan den asteazkenean, hilak 2:
SEO/BirdLifek,
Itsas Enara Ornitologia Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak beren
kezka erakutsi dute Irungo Udalak Txingudiko Natur Baliabideak Babestu
eta Antolatzeko Plan Berezian jasotako konpromisoak betetzen ez dituela
eta, eta uste dute Udalak ez lituzkeela bere ahaleginak Plaiaundin diren
kirol-instalakuntzak sendotzera bideratu behar, baizik eta bertatik
beste norabait eraman behar lituzkeela, han egiten diren jarduerak
Plaiaundiko Parke Ekologikoa natura-gune babestu moduan babestearekin
eta kontserbatzearekin bateraezinak baitira.
Azken
hilabeteotan hainbat lan ari dira egiten Plaiaundiko Parke
Ekologikoaren barne diren kirol-instalakuntzak egokitzeko eta
sendotzeko, alegia, Natura 2000 sarera eta Ramsar-ko Hitzarmenera
bildutako hezegunea leheneratzeko eta kontserbatzeko helburua duen
Txingudiko Natur Baliabideak Babestu eta Antolatzeko Plan Bereziak babestutako eremuaren barruan.
Plan
Berezia lau erakunderen interesak bultzatuta idatzi zen (hots, Eusko
Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo Udalak eta Hondarribiko
Udalak bultzatuta), Txingudiko badia kontserbatzeko tresna moduan oro
har, baina bereziki bertako paisaia eta balio naturalak, betiere
ekosistemen dinamika eta egitura sustatuta. Halaber onartu zen
herritarrek lekuaz aise gozatzeko konpromisoa, betiere inguru
naturalarekiko begirunea oinarri zuen aisia-erabileraren alde eginik.
Era berean, natur ondarearen ezagutza sakona erraztuko zuten ikerketa-
eta ingurumen-hezkuntzako jarduerak sustatu eta programatuko zirela
aipatzen zen han, Naturari ezinbestean zor zaion begirunea helburu
harturik.
Bereziki azpimarratu zituen Plan Berezi hark padura berreskuratzeko lanak, eta
Babes Bereziko Lur
moduan sailkatu zuen Plaiaundiko lurrak, haientzako lehentasuneko
erabileratzat ezarriz kontserbazioa, ikerkuntza, inguruaren irakaskuntza
eta kontrolpeko aisia. Gainera, jatorrizko morfologia, lurzorua,
hondoak, drainatzea nahiz landaretza nabarmen eralda lezaketen ekintza
oro berariaz debekatu ziren, bai eta fauna-komunitateei eragozpenak
eragin liezazkieketenak ere. Kirol-instalakuntzak bertatik beste
norabait eramatea gomendatu zuen Plan Bereziak, orobat.
Irungo
Udalak, kirol-instalakuntzak handik eraman beharrean, sendotzeari ekin
dio inguruko balioei gaizki eragiten dieten hainbat lan bultzatu
baititu.
Kirol-instalakuntzen sendotze-lan horiek Plaiaundiko
balioei eragiten dieten efektuak aldez aurretik ondo balioetsi behar
ziren, Habitatei buruzko Europako Arteztarauaren 6. artikuluak dioen
bezalaxe.
Komeni da gogoraraztea Babestutako Inguru Naturalari
kalterik eraginez gero ez dagoela proiektua onesterik, ez bada
salbuespenerrejimen korapilatsu eta garestira jota. Horregatik eskatu
nahi diogu Irungo Udalari saia dadila Plaiaundiko kirol-instalakuntzak
lekuz aldatzen eta ez ditzala sendotu.